BENTAKORREKARAKO MARTXA

18/2/08

Arrigorriagako elkarteek adostutako 2007ko abenduko komunikatua

BEHEAN SINATZEN DUGUN ARRIGORRIAGAKO TALDEAK AGIRI HAU PUBLIKO EGIN NAHI DUGU:

Arrigorriagako Udaletxeak BENTAKO-ERREKA eremurako egin berri duen 240.344 m2 lur-sailaren gaineko Arau Subsidiarioen aldaketa Puntuala (lur ez urbanizagarritik industrial urbanizagarrira) dela eta, hemen agertzen garen taldeok, delako proposamenak LOZek (Lurralde Ordenamendurako Zuzentarauak) jasotako eta babestutako balio ekologiko handiko eremua (“Babespen eraginkorreko eremua” eta “Sortzeko baso eremua”) hartzen duela kontuan hartuta, honako burutapenak helarazi nahi dizkiegu instituzioei:

Arrigorriaga bere inguralde industrialak sakon baldintzatutako udalerria da. Jarduera industrial honek bortizki kaltetu du gure ingurugiroa, gero eta urriago eta desagertzear dugun biodibertsitatea eremu finko batzuetara joaten behartuz. Eremu horietako bat dugu Bentako-Erreka, zigortuta badago ere oraindik orain bere ingurumen balioa mantentzen duena.

Gure instituzioek behin eta berriro gogorarazten digute zein garrantzitsua den letra larrizko EKOLOGIA (aldaketa klimatikoa, Kyotoko protokoloa...), baina gerora, diru interesak direla medio, gure ingurugiro hurbileko hobekuntza dakarren etxeko Ekologiaz ahaztu egiten dira, Bentako-Erreka kasu.

Gure Udal-agintariek jakin behar dute dena ez dela zilegi herrirako hobekuntzak omen dakartzan planak diseinatzerakoan, are gehiago herriari informazioa ezkutatu zaionean. Adibidea, Bentako-Erreka.

Arrigorriagak dituen beharrak (enplegua, Lurralde Ordenamendua, Bide Ordenamendua...) ez du inoiz zertan talka egin behar ingurumen balio handiko eremuekin. Bentako-Erreka, adibidez.

Esandako guztiagatik eta gure ingurugiroaren osasuna eta Arrigorriagako ondare naturala babestea besterik ez dugula helburu, dei egiten diegu gure instituzioei Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntual hau bertan behera utz dezaten eta Bentako-errekari Araudiak egun ezartzen dion babes-legeria aplika dezan.


Arrigorriagan, 2007ko abenduan

No hay comentarios: